XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haren izena, orduko, ezaguna zen: 1917an bertan argitaratua zuen Bilboko Idearium aldizkarian Vinson-en lanaren itzulpena, Contribución a la obra de la bibliografía vasca. Revista general de los estudios vascos de 1906 a 1912, nahiz moldiztegi huts askorekin.

Ez zen hura, ordea, Odonen lehen fruitua: kazetaritzan haren hasikinak alde batera utzirik (eta oroz gain Salamancatik, hamasei urterekin, Arana Goiriren urtemugakari ospakizunez Bizkaitarra astekarira bidali zuen berria, 1916an, hogei urterekin, beraz), bibliografia ukitua zuen, Una labor necesaria. La bibliografía vasca" Gasteizko Ateneo aldizkarian.

Guti bezala jabetzen zen Apraiz bibliografiaren premiaz, eta gehiegikerian erortzeko beldurrik gabe esan daiteke urteetako bere grina izan zuela alor hori.

Revista Internacionalean 1920an argitaratu zuen Un caso de fonética histórica estudiado en la toponimia alavesa. La alternancia l ampgt; r lanari Vinson-ek savant iritzi zion eta berau akuilu izan zitzaion ikerle gazteari.

Irakurle porrokatua zen, liburu zein aldizkari, hau azpimarratzen, hura mozten eta gordetzen, eta behin bere anaia Angelek hau esan zion:

- Debieras poner en tu tarjeta: "Odón de Apraiz. Lector de periódicos".

Irakurle porrokatua ez ezik, idazle joria zen, Euzkadi egunkarian batez ere: haren izengoitia astean bizpahiru aldiz agertzea ez zen bakan gertatzen.

Euskaltzaindia sortu berrian, Urriak 26, 1919, Odon Apraiz urgazle izendatu zuten, beste anitzekin batera (haien artean Altube, Kirikiño, Oleaga, Zamarripa, Lekuona, Orixe, Daranatz, Etxepare, Lacombe, Gavel, Menéndez Pidal, Saroihandi), eta gogotsu ekin zion lanari.

Euskalkien ikerketarako haren jaidurari zegozkiokeen ikastaldiak hartu zituen bi urtez, 1920-22, Euskaltzaindiaren diru-laguntzaz, Parisen eta Zûrichen, baita Italiako iparraldean praktikak egin, faxismoaren itsasgoraren garaian.

Orduko maisutzak eta adiskidantzak ere ez zituen Odonek ahantziko: Lacombe-z hunkiturik mintzo zen Euskaltzaindian, Baionako batzarre batean, duela zenbait urte, eta Scheuermaier, Steiger, Saroihandi eta abarren oroitzapena ongi txertatua zeukan gogoan barrena.

Ikastaldion ondoren, Erizkizundi Hirukoitzean (utz dezagun orain ematen zitzaion irri-deitura) langile aspergaitza izan zen Apraiz.

Horra Ekialdean beteriko liburuskak (gehienetan bizikletaz herriz herri ibilirik), baita Deba Arrokoak ere.

Odonen zehaztasuna eta zorroztasuna noraino iristen ziren biziki garbi darakuste lanok.

Bizpahiru liburuska, haatik, ez zen ematera ausartu: ez zuen uste osotoro fidagarriak zirenik.

Jakitearen legeak, izan ere, begiratzen zituen Odonek, eta munduan barrena korritzen zuten usadioak hedatzea nahi zuen.

Horrexegatik harritzen zen Orixe-ren hartaz:

- Nire aitaren semea ez da mapak egiteko sortu.

Jakina, Arabako euskararen egoera ezagutzen zuen hobekienik, eta horixe hartu zuen gaitzat, (...)